Nire bihotza
Betidanik
galdetu izan diot neure buruari gizakiok non ote daukagun gordeta bihotza. Ez
bularraldeko organu taupatia, gure benetako izatea baizik.
Munduaren akabera da. Suzko infernu kiskalgarri
honetan itxaropen oro galduta nago, hiltzear. Azken une hauetan, pertsona baten
irudia etorri zait burura. Oso gertukoa. Eztanda eta laino beltzen artean, nire
itsasargi bilakatu zara.
Iluntasunak zu nire pentsamenduan zaudela harrapa
nazala besterik ez dut desira. Ez daukat beldurrik. Ezagutu dut maite ditudanak
zauritu eta suntsitzen ikustearen ezintasuna. Ezagutu dut bakardadea,
norbaitengandik banatuta egotearen barneko min amaigabea. Ezagutu dut amorrua.
Ezagutu dut tristura. Baina guztien gainetik, ezagutu dut zoriontasuna, ni
laguntzera datozen adiskideen maitasun sentipena.
Zu besarkatu nahi zaitut. Musukatu. Zenbat maite
zaitudan esan. Zu arnastu, izate guztia zure lurrinaz bete arte. Dena zu izan
arte. Errauts bihurtu arte. Baina lasai nago. Zu hondamendi honetatik urrun,
libre zaude. Eta oraintxe ulertu dut nire bihotza, izatea, non dagoen: zure
barnean.
Norbaitetaz akordatzen, kezkatzen garen
bakoitzean, hantxe izaten da gure gogoa, eta baita bihotza ere. Huraxe da bere
lekua. Gure gorputza desagertzen denean inguruarekin, osotasunarekin egiten du
bat. Eta gure bihotza? Gure lagun, ahaide eta ingurukoei uzten diegu. Beraien
barnean izaten gara.
Elkar ezagutu genuen egun hartan bertan sortu zen
bion arteko txinparta, gure bihotzen batura. Ni hiltzen naizenean zure barnean
biziko naiz. Orain dudana baino bizitza garbiagoa. Orbanik gabea. Akatsik
gabea.
Eta iluna isilean iritsi denean erabateko
lasaitasunean harrapatu nau. Nire buruarekin bakean. Betetasunean.
Ez dut urrezko bide argitsuen beharrik. Nire
bihotza zugan uztea da behar dudan altxor bakarra.
Zurea nirekin daramat.
Ametsak bizi egiten ditut. Horixe da nire
abilezia eta aldi berean tristezia.