Eta zu, nor zara zu?
- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan
Ni? Guztiok bezain bakarra naiz ni. Inoren antzeko izanda ere, guztiz ezberdina. Munduaren dimentsioak direla eta, maiz identitatea galdu izan duen bidaiaria. Maite dutenen beharra duen bihotz uzkur sentibera. Adiskidetasunean maitekorra den aurpegiera serioa. Isilean bada ere harremanen jagole eta detaile urriko detaile zalea. Izenak baino, izanak bilatzen dituen ibiltaria. Itxura zaindu arren itxurakeriz hilko ez dena.
Begi
ziurren maitale, eta negarti bat izanda ere, irrien lagun ukaezina;
baina malkoen beharra aldezten duen defendatzaile sutsua. Lotsaren
estalkia galdu nahi duen arima kanporakoia. Eta zenaren gainean dena
eraiki duen izate tematia. Ezinezko ikusten duelako beldurra galtzearen
beldur ez dena. Burugogorrenetan burugogorrena eta lo zale amorratua.
Hau
eta horren artean beste hori aukeratuko lukeen pentsalari zalantzatia.
Nahi duena gogoratu dezakeen memoria despistatua. Puntualitate
faltagatik ezaguna, baina berandu bada ere, heldu heltzen dena.
Berekoitasuna gorroto duen izaki inperfektua.
Oinak
lurrean dituela hegan bidaiatzen duen adimen geldiezina. Zergati
guztien erantzuna behar duen jakingura. Gehitzen jakiteaz gain idazten
dakiela konturatu den luma. Irudimena hauts bihurtu eta gogoetara
bultzatuko zaituena.
- Lortu esteka
- X
- Helbide elektronikoa
- Beste aplikazio batzuetan
