IKARA
Doinua: Laurogeita hamar urte
Ume txikia korrika
korridorea zeharkatzen,
hor nonbait argi izpi bat
gau ilunean bilatzen.
Hankak dardarka atzera
izututa begiratzen.
Ohe azpiko mamuek
omen baitute jazartzen.
“ Ama, amesgaiztoak ditut,
arren, utzi hemen geratzen;
zuen ondoan gustura,
seguru bainaiz lokartzen.”
Behar genuen guztia
etxekoen babesa zen.
Haurtzaroko pasarte hau
sarritan dut gogoratzen.
Sinetsi nuen, denborak
aurrera egin ahala,
esperantzaren kariaz
heltzean larruazala,
atzean utz nezakeela
aita eta amaren magala.
Baina beldurra bihurtzen da
maiz, nire etsai zitala.
Ta nahigabean hor daukat
nigan kate bat bezala,
ametsik ere izaten
ia uzten ez didala.
Aspaldian moztu zidan,
bai, askatasun hegala
ta uneoro atzean dut
jarraika bere itzala.
Bizi dudanean zerbait
ezezaguna, berria,
izuak lepotik hartu
ta estutzen dit eztarria.
Taupadak azkartzen zaizkit,
itoz nire aldarria,
bat-batean ezabatuz
ordura arteko irria.
Nahiz beldurra izan litekeen
bizitzaren pizgarria,
alerta mantentzea baita
bizirauteko euskarria,
bizitzeko da, ordea,
oztopo kaltegarria,
sarritan oharkabean
gure buruari jarria.
Kale bakartietan zehar
behatuz ezker, eskuma.
Gure oinatzen gainean
daramagu zama astuna.
Mutilari aitortzean
senti dugun maitasuna,
ukapena izan ohi da
espero den erantzuna.
Laztura ere da sarri,
jende aurrean duguna.
Barregarri geratzeak
sortzen du ezintasuna.
Mugatu egiten gara,
halakoa da garuna,
barrenetik datorkigu
ezetzaren oihartzuna.
Nork ez du inoiz sentitu
beldurraren hotzikara?
Urte txikitan ilunak
nola pizten zuen dardara
bakardadearen beldur
gaztetan ere bagara.
Gizartearen barruan
gaitzespenaren ikara,
aurreiritziz lepo izan
dugu luzaro ganbara.
Iritziak eman ordez
men egin behar da, hara.
Amets denak alboratu
eta isildu, badaezpada.
Ez ote gara guztiok
mundu honen seme alaba?
Izan ipurdi handia
edota gorputz gizena,
itxura liraina edo
ezker hankatik herrena.
Izan mutil sentibera
zein neskato ausartena,
nor da epaitua eta
nork ezartzen du kondena?
Aniztasuna izanik
ezaugarririk behinena,
zergatik ihes egin ta
ezkutatu gu garena?
Norbaitek maitatu gaitzan
norbera maitatzea lehena.
Inorenaren aurretik
dago gure onarpena.
Artean gazte naizela,
iraganera begira,
zenbat emozio berri
ta bizitzak zenbat bira!
Gurasoen ohe hartatik
nire izara azpira.
Ene liburu zaharraren
atal berri bat hasi da.
Izurik gabe nahi nuke
orri zuritan eskriba,
luma berde dotoreaz
esperantzaren harira,
otsoen orroek nigan
ez daukatela kabida.
Orduan egingo baitu
nire izateak distira.
Atzean gelditzen dira
iraganeko egun hotzak;
atzean, zurtoina arantzaz
beteta zuten arrosak;
atzean, geldiarazten
ninduten mamuen hotsak.
Gerora denak niretzat
izango dira arrotzak.
Itzaletan ilundurik
zeuden alde laiotzak.
Gaur agerian dago atzo
estaltzen zuena izotzak.
Isilaraziko dira
kontzientziaren ahotsak,
ikara garaitu eta
hitz egin dezan bihotzak.
Kantuke