Ene
maite,
Sentitzen dut aitortzea ezin oroi naitekeela zure
besarkada eta musuez. Hain zait zaila bizi ez dudana oroitzea, zutaz ahaztea
bezain. Ametsetan baina, sakonki ditut sentitzen.
Egunero zurekin oheratzen naiz ene ohe huts hotzean. Urrutiko lurralde ezkutuetan elkartzen gara gauero,
irudimenak eskain diezaguken bazterrik ederrenean. Berdin zabaltzen dizkiogu
besoak itsaso zein mendiari, zure ondoan paraje guztiak urrezko dira eta
bihurtzen. Larre hezean etzanda gaudela laztantzen gaitu haize leunak, eta
gauero bezala zeruko izarren distirak zure gorputz biluzia janzten du.
Perfektuegia.
Desiozko zure begiradapean lehertzen naiz eta
baimenik gabe lapurtzen dizkizut laztan eta ferekak. Debekatuak gaudela
badakigu, baina zuk musuz isilarazten dituzu kontzientziaren oihu ozenak. Debekuak
desioa bizituko balu bezala egiten dute bat gure arimen garrasiek. Eztanda
batean gure gorputz beroen hozkirriak geldiarazten du denbora maindire azpiko
ametsetan. Erruduntasuna urruneko ahots leun
bat baino ez da gure gau debekatuetan.
Biharamunean, egunero legez, ilargiarekin elkar banaturiko
sekretuak egunsentiarekin batera ezkutatuko dira. Zaude lasai. Ez izan
beldurrik. Hemen, ilunaren babesean, ez gaitu eta inork ikusiko. Gure bekatuak
seguru daude irudimenaren mundu zabalean; ez dago eta norberaren pentsamenduak
baino gauza pribatuagorik. Aska ezazu bihotza, eta izan gaitezen bat gauak
iraun bitartean. Goza dezagun eguzkiak gure desioak erre artean.
Gaurkoan ere, ilundu orduko egingo dugu hegan. Atzoko ohe
berdinean nauzu esperoan. Hegorik gabe ez baitut eta aireratzerik. Ez eta arnasarik
gabe bizitzerik. Maitatu nazazu isilean bada ere, biharko egunetan sinesten
jarrai dezadan.
Esperantza dut arnas.
Ene espero honetan, bihar ere, ekialdeko lehen izpiekin
itzartzean, nik ohi dudan era berean nire izarek zure falta sentituko dute.
Atzo legez, hasperen batean saiatuko naiz ahazten, errealitatearen krudelak oroitarazi
didala, bart ezin izan zaitudala ahantzi.
Beka dezagun,
Zure maitale
platonikoa
Kantuke