Mezuak

Data honetako argitalpenak ikusgai: maiatza, 2015

Ene maite

Ene maite,

Sentitzen dut aitortzea ezin oroi naitekeela zure besarkada eta musuez. Hain zait zaila bizi ez dudana oroitzea, zutaz ahaztea bezain. Ametsetan baina, sakonki ditut sentitzen.

Egunero zurekin oheratzen naiz ene ohe huts hotzean. Urrutiko lurralde ezkutuetan elkartzen gara gauero, irudimenak eskain diezaguken bazterrik ederrenean. Berdin zabaltzen dizkiogu besoak itsaso zein mendiari, zure ondoan paraje guztiak urrezko dira eta bihurtzen. Larre hezean etzanda gaudela laztantzen gaitu haize leunak, eta gauero bezala zeruko izarren distirak zure gorputz biluzia janzten du. Perfektuegia.

Desiozko zure begiradapean lehertzen naiz eta baimenik gabe lapurtzen dizkizut laztan eta ferekak. Debekatuak gaudela badakigu, baina zuk musuz isilarazten dituzu kontzientziaren oihu ozenak. Debekuak desioa bizituko balu bezala egiten dute bat gure arimen garrasiek. Eztanda batean gure gorputz beroen hozkirriak geldiarazten du denbora maindire azpiko ametsetan. Erruduntasuna urruneko ahots leun bat baino ez da gure gau debekatuetan.

Biharamunean, egunero legez, ilargiarekin elkar banaturiko sekretuak egunsentiarekin batera ezkutatuko dira. Zaude lasai. Ez izan beldurrik. Hemen, ilunaren babesean, ez gaitu eta inork ikusiko. Gure bekatuak seguru daude irudimenaren mundu zabalean; ez dago eta norberaren pentsamenduak baino gauza pribatuagorik. Aska ezazu bihotza, eta izan gaitezen bat gauak iraun bitartean. Goza dezagun eguzkiak gure desioak erre artean.

Gaurkoan ere, ilundu orduko egingo dugu hegan. Atzoko ohe berdinean nauzu esperoan. Hegorik gabe ez baitut eta aireratzerik. Ez eta arnasarik gabe bizitzerik. Maitatu nazazu isilean bada ere, biharko egunetan sinesten jarrai dezadan.

Esperantza dut arnas.

Ene espero honetan, bihar ere, ekialdeko lehen izpiekin itzartzean, nik ohi dudan era berean nire izarek zure falta sentituko dute. Atzo legez, hasperen batean saiatuko naiz ahazten, errealitatearen krudelak oroitarazi didala, bart ezin izan zaitudala ahantzi.

Beka dezagun,

Zure maitale platonikoa
Kantuke