Askotan oraina ahazten dugu. Hain
gertu ditu iragana eta etorkizuna, non segundoekin batera egin behar duen
aurrera harrapa ez dezaten. Segundoak baitira gizakiok antzematen dugun
denborarik txikiena. Litekeena da taupadekin duten parekidetasunagatik izatea.
Beharbada, horregatik batzuentzat minutuek hirurogei segundo baino gutxiago dituzte…
Laburrak dira oso. Hartara, orainaz ohartzea ez da samurra izaten.
Atzera begiratzea, ostera,
errazagoa da. Hor nonbait gertatu beharrekoa gertatu zen, eta ez dugu
aldatzerik. Hor nonbait pozik bizi izan ginen. Iraganaren muga hain dago
urruti, non guztiok izan dugun pozik bizitzeko parada; eta horri eusten diogu
gaurko irriak marrazteko.
Berdina etorkizunarekin. Hau
gainera, mugagabeagoa da, inork ez baitaki noiz hilko den berea. Hargatik,
irudimenari hegoak astintzen dizkio. Bertan ezin egon gaitezke goibel. Bertan
geure amets ederrenak ditugu marrazten. Bertan, perfektuegia da bizitza.
Hala gabiltza, iraganean eta
etorkizunean bizitzen. Atzokoa galdu izanaz damutzen, eta biharra desiratzen.
Hala goaz aurrera, denboraren esklabo. Denbora baina, orainean gauzatzen da.
Zein iragan ekarriko dugu gogora, iraganeko irrietatik biziz oraina bizitzeari
utzi badiogu? Zein etorkizun harrapatuko dugu, iraganari begira bizi bagara?
Orainak askatzen gaitu. Bizi.
Kantuke