Mezuak

Data honetako argitalpenak ikusgai: maiatza, 2017

Atzerritik 4.0


Kaixo Ama, Kaixo Aita, Kaixo txiker,

Ez dakit beharrezkoa ote den orri zuri oso bat tintatzea finean bi hitz direnean esan beharrekoak. Hare gutxiago agurra papereratzen hasi naizenetik bidaliko ez dizuedan gutun bat dela dakidanean. Baina tira, orri zuriek lasaitasuna ematen didate nonbait. Horregatik dut idazten. Beharbada irakurriko ez duzuela jakinik gai izango naiz isilarazten dudana esateko, konplexurik gabe. Lotsak isilarazten nauela aitortzekotan egon naiz, baina ez dut uste lotsa denik senitartekoei maitasuna adieraztean eteten gaituena, ohitura falta baino.

Gu ohituak gaudelako besarkadak eta muxuak ematera, honetaz eta hortaz libreki eta lasaitasun osoz hitz egitera, etxetik edozelan jantzita, edo jantzi gabe ibiltzera, komunean kisketarik ez edukitzera… Gauza hutsalak direla uste dugu, baina sinets zaidazue ezetz. Garrantzitsuak direla benetan. Finean maitasuna baitira, konplizitatea. Horregatik, agian, han nengoelarik ez nuen hitzen beharrrik sentitzen, egunero keinuak nituelako. Maitatua sentitzeko eta maite zaituztedala erakusteko. Etxetik kanpo, ordea, zeharo ezberdinak dira pertsonarteko erlazioak.

Bada, iparraldera heldu bezain laster konturatu nintzen bi musu ematea askorentzat demasa dela. Ez soilik arraroa, baizik demasa. Guretzat kortesiazko den hori, gehiegi omen da. Pentsa zer den besarkada bat edo ezpainetan muxu bat ematea… Hotzak dira horretarako. Nahiz pertsonarik lagunkoi eta alaienak izan, garesti daude musuak. Zuek badakizue zer den talde kirola. Imaginatu nolakoak diren hemen, ez direla partidak bukatuta batera dutxatu ere egiten. Haientzat normalena izango da, niretzat, aldiz, shock-a. Konfiantza falta transmititzen dit. Faltan botatzen dut gertutasuna, taldekideena, lagunena, familiarena, zuena.

Esaten ez dizuedan arren, faltan botatzen zaituztet. Asko. Egunero deitzen ez dizuedan arren, deitzen dizuedanean esatekorik ez dudala ematen duen arren, musu asko emango nizkizueke, besarkada gehiago. Baina arrotza da atzerrian egonda etxean bezain gertuko izatea, ez direlako eguneroko istorio txikiak partekatzen. Erlazioa estutzen duten horiek. Ez ditugulako eguneroko keinu txikiak, onak eta txarrak, partekatzen. Horregatik jarri naiz gaur idazten, keinu txikien faltan hitz mardulen bat idazteko kapaza ote nintzen frogatzeko. Baina ez dakit lortzen hari naizen. Nire poesiazko idazki txukunen itxurarik ez diot eta aurkitzen nire pentsamenduen joan etorri honi.

Zenbat buelta ematen ditugun soilik aitortzeko goizeko kafearekin batera doan nire aurpegi ilunei zuen ‘egun on’-ak falta zaizkiela; suteko barran bakarrik bazkaltzean lau eserlekuko gure mahai borobilaz gogoratzen naizela; etxera heltzean elkarrizketa motz baina bizien beharra senti dudala; sofan botata mundu zoro honen hutsak norekin komentatu falta zaidala; gauean gabon esatearekin batera musu emango didan hori nahi dudala ene ondoan; haserretzean ulertuko nauena; triste nagoenean eskatu gabeko besarkadak emango dizkidana eta begirada batekin munduko maitasun guztia oparitzen didazuen zuek, faltan botatzen zaituztedala. Keinuetan, muxuetan, besarkadetan, zareten izate eder horretan.

Zenbat buelta ematen ditugun soilik bi hitz esateko: maite zaituztet.

Ohitura faltagatik isiltzen den alaba,
Muxu eta besarkadak har itzazue egunero.