Mezuak

Data honetako argitalpenak ikusgai: ekaina, 2019

Galerak dakarren irabazia


Bidea galdu izanaren aukerak

mugagabeak direla konturatu nintzen orduan.

Berriak hasteko. 

                                                        .Kontuke


Ero(r)tzen

Gugandik urrunen dagoen eremua,
ezezagutzak aldendu digun hori,
sentituta ere ulertzen ez duguna.
Entzungor egiten diogulako
mintzen gaitu
gure gorputzak.

.Kontuke

Arrazoi argirik gabeko negar isilen zotinka.

Goiz iratzarri da eguna,
egunero legez.
Atzo baino logura gehiago gaur.
Edo ez.
Ez dut uste logura denik.
Nagikeria puntu bat.
Puntu handi bat.
Sabelaren gainean pausatu zait,
indar eginez bezala gera nadin ohean.
Baina ezin dut,
gaur ez,
osteguna da oraindik.
Komunera bidea egin dute nire zangoek.
Arrastaka daramatzate oinek etxeko zapatilak.

Kafea prestatu dut robotikoki,
egunero legez.
Atzo baino logura gehiago gaur.
Edo ez.
Ez dut uste logura denik.
Ezinegon puntu bat.
Puntu handi bat.
Sabelaren gainean pausatu zait,
antsietatez jatera bultzatuz.
Baina ezin dut,
oraindik ez,
tostadak ez daude prest.
Marmelada potea atera dut hozkailutik,
laprast egin dit eta krask.

Txakurra lurra miazkatzen hasi da paperaren bila nindoala.
Esku batekin txakurra oratuz bestearekin kristalak batu.
Kafea zarataka dabilkit.
Ez daukat esku gehiago.
Erre usaina somatu dut.
Salto batez ogia ateratzera hurbildu naiz,
erreta jada.
Txakurrari oihu bat,
berriz kristal artean jaten.
Garbitu dut marmelada,
baina kafea isuri da.

Hortzak garbitu ditut presaka,
egunero legez,
Atzo baino logura gehiago gaur.
Edo ez.
Ez dut uste logura denik.
Negatibitate puntu bat.
Puntu handi bat.
Sabelaren gainean pausatu zait,
ispiluari izkin egiteko eskatu dit.
Baina ezin dut,
gaur ez,
lanera joateko atondu behar naiz.
Ez dakit zer den nabariagoa gaurkoan,
begizuloak edo aknea.

Kotxean sartu eta lanera bidea hartu dut,
egunero legez.
Atzo baino logura gehiago gaur.
Edo ez.
Ez dut uste logura denik.
Tristura puntu bat.
Puntu handi bat.
Sabelaren gainean pausatu zait,
eta negar egiteko gogoa sartu zait.
Baina ezin dut,
oraindik ez,
irriz eman behar dizkiet egun onak nire zain daudenei.
Gaurko janaria etxean ahaztu dut.
Malkoek beren bidea egin dute leunki.


Ziklo baten egun soil bat.


.Kontuke



Benetan...


Egia, guztia ez dela poesia,
poesia guztia ez dela egia.
Baina egia ez izanda ere
egiazkoa izateko gaitasuna du.

.Kontuke

Sendo hasiko bagara.


Inork loreak usaindu nahi zituenean
sustraiak errotzen genbiltzan oraindik.