Mezuak

Data honetako argitalpenak ikusgai: uztaila, 2019

Ordu txikitako hitz lerroak


ASTELEHENA

Orbanak ikusten ditut
antzeman ezinak.
Ikusten ditut sabaian.
Hezetasun itxura dute,
baina ez du euria ari.

201 ardi pasatu dira,
urduritasunez,
azkarregi.
Baina 202.a jausi egin zait.
Beste orban bat ikusten dut.
Atzo jaso behar nuen
eta ez da iritsi.
Bihar idatzi behar diot,
geratzeko.
Datorren astean afaria.

200, 201, 202, 203, 204.
Ibiltzeko gogoa dut,
makulurik gabe.
Eta udan bizikletan,
lanetik bueltan.
Astelehenean ezagutuko ditut.
Orbanak handitzen doaz,
nire gelako sabaian.
Elkartuko diren beldur naiz.

Baina laster jaiak.
Uda dator.
Ardiak.
Ardiak.
205, 206, 207
Bihar amamari bisita.
Eta mezua.
Bidali behar diot.
Gero siesta.
Logura izango naiz.

ARDIAK.
Zenbat? 205?
Logura dira.
Buruz behera dauden intsektuak
ez ote dira inoiz zorabiatuko?
Ikusten ditut sabaian.
Arren piztu argia,
itzalidazue burmuina.
Nekeaz hilko naiz.
Ezinegonaz.

ASTEARTEA

Hamaika bira eman ditut
1,2ko ohe txikiegi honetan.
Handiago bat behar dut.
Hemen ez zaizkit ardura guztiak kabitzen
eta ezin lasai egon.
Ez dut ulertzen,
gaur ez dut kaferik edan.
Ezta siesta ere.
Hankarteak ez du erantzuten.
Garuna ez zait isiltzen.
Logura naiz.
Edan dut esnea.
Hiru aldiz txiza.
Logurak eztanda egiten dit
buruan.
Ez da zentimetro karratu freskorik
gelditzen izaretan.
Telebista piztuko dut,
sofak irentsi nazan.

ASTEAZKENA

Ezin logura gehiago izan.
Pasatako gauen ondorio.
8 segundoz arnastu.
6 segundoz eten.
4 segundoz bota.
8 segundoz arnastu.
6 segundoz...
4 ...
8 ... 6 ... 4 ...

Nork sinisten du honetan?
Bihotzak ez ditu segundoak
errespetatzen.
Mukiak ditut,
ez didate arnasten uzten.
Ez behar den denboran.
Logurak itotzen nau,
airea askatzean.

Intsektu guztiak erahil ditut,
gogaitasunez.
Argi egiten du pozoiak.
Entxufetik edaten.
Bakean utzi nazaten.
8...6...4...
8...7...
Pasatu naiz.
8...

Komunera noa.
Ateak
ez nau pasatzen utzi nahi.
Izkinarekin jo dit.
Ezkerreko begia
zabaldu zait erdizka.
Ilun dago
eta argiak
min ematen du.

Bonbari tira egin
eta korrika egin dut salto
ohera.
8...6...4...
8...6...4...
Ez dut gehiago arnastu nahi.
Lo egin nahi dut.


OSTEGUNA

Ditxosozko astea.
Saguzar bihurtu ote naizen
beldur naiz
Ez dut zenbatu nahi.
Ez dut telebistarik nahi.
Ez dut arnasarik nahi.
Lo seko gelditu baino.

Komuneko botikan
sendagaiak iraungita daude.
Hemen ez da inor gaixotzen.
Ni bai.
Sakonean daude
sendatuko nauten pilulak.
Sakonean
orbanak bezala.
Baina bueltan datoz.
Dakartzat.

Edalontzi bete ur.
Irentsi ditut ezinegonak,
atzokoak eta biharkoak.
Fresko daude izarak.
Sabaia intsektuz libro.


OSTIRALA

Pozik daude garagardoak
bihar iratzargailurik gabe.
Irribarreak lerdea
maite du.

LARUNBATA

Ez dago geldi
ohea.
Gin-tonikak ilaran doaz
komunaren bila.
Txupito bat eskaini dit
ispiluak.
Baietz esan diot
zabal dezala txorrota.
Itsasoan arrainak egarri direla.
Ur gazitan.
Bi zerbitzatu dizkit
edalontzirik gabe,
zuzenean txorrotatik.
Burua harraskan,
gora begira,
ura paparretik behera.
Intsektuak ez dakit,
baina ni zorabiatu naiz.

IGANDEA

Arratsaldeko zazpirak
pilotalekuko esatarientzat.
Alkoholak min ematen dit
ajean.
Euria ari du berriz
oraingoan nire barnean.
Trumoi eta guzti.
Astelehenaren
beldur naiz.
Baina loak hartu nau.
Sofan.
Gozategi abestuz.
Zazpi egunetatik behin.
Bihar ardiak etorriko dira.


                                              .Kontuke