Besterik gabe,egunero
Izartu eta leihoa zabaldu dut ohiko legez. Aire berria behar
izaten baitugu esnatzean, egun berrian bizirik sentitzeko, oxigenatzeko, eta bart
isuritako malkoak sikatzeko. Finean aire ufada berri batek giroa indar berri
dezan zabaldu dut leihoa. Gosaltzera joan naiz bitartean, eta nahigabean
harrapatu nauzu berriz ere. Goizean goiz agertu zara, egunero legez. Eta azken
aldian bezala, zurekin gelditu naiz, bakarrizketan. Kanpoan haize ufada bortitzak,
euri zaparraden zarata; eta barnean, soilik zu, ni, eta nire kafea,
bakarrizketan. Guztia esan nahian eta ezinean, zure muxuen zaporea ene kikaran.
Bitartean, gelako leihotik sartu zait negua, hotza, arrotza,
bustia, euria. Hondatu dizkit ohea eta lurra. Gogorarazi dit mundua zugandik
haratago doala. Halako batean enbatak har nazakeela. Baina nik, zu zaitut
maite. Hondamendia garbitu, eta ohean bota naiz berriz: zu maitatzera. Leihoa
ondo itxita, ustekabean harrapa ez gaitzaten berriz, gure bakarrizketan.
Kantuke