Paperezko pilota
Orri zuritan hasten dira istorio berriak,
letra txukunez eta hutsik gabe. Baina lehen esalditik aurrera edonork sar
dezake hanka, eta `s´ beharrean `z´ idatzi, edo `h´-renbat sobera zein falta.
Hutsak besterik ez dira, gainetik inskriba daitezkeenak. Finean ez dute
istorioarengan eragin handirik, berdin irakur baitaiteke.
Hala hasi ziren geure istorioak ere, txukun,
akatsik gabe, huts bat edo beste besterik ez. Denborarekin, ordea, hitzen
jarioa ere eten zaigu noizbait, idatzi nahi ez genituen hitzak zirriborratzean.
Baina zirriborroen atzetik ere idazten jarrai daiteke, txikiak baldin badira
bederen. Aldiz, idatziak aurrera jarrai dezan orriaren erdian bi ilara marratu
behar direnean, orduan hausnartzen dugu. Istorio lohi bat ez dago eta zeini
aurkeztu.
Gaurkoan horrela gertatu da, eta hausnartzean,
bat-batean errotik atera ditut orriak ene bizitzako liburutik. Zureak eta
bereak. Nahastu eta paperezko pilota bat jaurti dut. Pilotarekin batea joan
zait guztia nahigabean, eta atzetik atera naiz korrika, haizeak eraman baino
lehen. Ezin baitut orri horietan idatzitako istoriorik gabe nire liburua
jarraitu. Protagonistak behar ditudalako.
Tentuz askatu ditut paper solteak. Bakoitza
bere aldetik, berriz nahas ez daitezen. Baina nahiz esku ahurrarekin laztandu
ditudan, zimurrak ezin izan ditut kendu. Bertan daude istorioekin batera.
Irakur daitezken arren, zikin daude, markatuak daude orriak. Istorio lohi bat
ez omen dago zeini aurkeztu…
Beharbada saia gaitezke garbira pasatzen.
Horretarako, ordea, orri zuriak behar dira, zimurrik gabeak, eta denbora lar;
ez baitira istorio laburrak izan gureak. Litekeena da zimurtutako orrietan
idazten jarraitzea, berriz zimurtuz gero betiko apurtuko liratekeela ez
ahazteko. Zirriborroak parentesi tartean sartu, eskolan bezala… Agian
utopikoegia da, baina badaezpada orriak berreskuratu ditut.
Kantuke