Paperezko pilota





Orri zuritan hasten dira istorio berriak, letra txukunez eta hutsik gabe. Baina lehen esalditik aurrera edonork sar dezake hanka, eta `s´ beharrean `z´ idatzi, edo `h´-renbat sobera zein falta. Hutsak besterik ez dira, gainetik inskriba daitezkeenak. Finean ez dute istorioarengan eragin handirik, berdin irakur baitaiteke.
 
  Hala hasi ziren geure istorioak ere, txukun, akatsik gabe, huts bat edo beste besterik ez. Denborarekin, ordea, hitzen jarioa ere eten zaigu noizbait, idatzi nahi ez genituen hitzak zirriborratzean. Baina zirriborroen atzetik ere idazten jarrai daiteke, txikiak baldin badira bederen. Aldiz, idatziak aurrera jarrai dezan orriaren erdian bi ilara marratu behar direnean, orduan hausnartzen dugu. Istorio lohi bat ez dago eta zeini aurkeztu.

http://thumbs.dreamstime.com/t/bolas-de-papel-arrugadas-con-los-vidrios-la-pluma-y-el-cuaderno-del-ojo-64033610.jpg
  Gaurkoan horrela gertatu da, eta hausnartzean, bat-batean errotik atera ditut orriak ene bizitzako liburutik. Zureak eta bereak. Nahastu eta paperezko pilota bat jaurti dut. Pilotarekin batea joan zait guztia nahigabean, eta atzetik atera naiz korrika, haizeak eraman baino lehen. Ezin baitut orri horietan idatzitako istoriorik gabe nire liburua jarraitu. Protagonistak behar ditudalako.

  Tentuz askatu ditut paper solteak. Bakoitza bere aldetik, berriz nahas ez daitezen. Baina nahiz esku ahurrarekin laztandu ditudan, zimurrak ezin izan ditut kendu. Bertan daude istorioekin batera. Irakur daitezken arren, zikin daude, markatuak daude orriak. Istorio lohi bat ez omen dago zeini aurkeztu…

  Beharbada saia gaitezke garbira pasatzen. Horretarako, ordea, orri zuriak behar dira, zimurrik gabeak, eta denbora lar; ez baitira istorio laburrak izan gureak. Litekeena da zimurtutako orrietan idazten jarraitzea, berriz zimurtuz gero betiko apurtuko liratekeela ez ahazteko. Zirriborroak parentesi tartean sartu, eskolan bezala… Agian utopikoegia da, baina badaezpada orriak berreskuratu ditut.

Kantuke

Blog honetako argitalpen ezagunak

Mila kilo zorion

Izenondoak

Udazkenaren negarrei irribarre bat