Mezuak

Data honetako argitalpenak ikusgai: otsaila, 2017

Atzerritik 3.0


Ez, ni ez naiz Spanish.

Badira hilabete batzuk atzerrian nagoela, eta tira, agian bada ordua barrena askatzeko. Atzerria zapaldu duzuen guztiek jakingo duzuenez etengabe ezagutzen da jende berria ezezaguna den herri batean. Noski, jendea ezagutzeko baina zerbait jakin behar da beraiei buruz, eta hala datoz lehen galderak. Izenaren ahoskera argi ustea zaila ez bada, horra bigarren galdera saihestezina: nongoa haiz?

Gutxi batzuek jakingo dute Euskal Herriaren berri agian, eta azalpenak eman beharko dira horrelakoetan. Zeini inporta zaio ordea gauzak azaltzea aurrean duzun pertsonak aditu eta ulertzeko ahaleginak egiten dituenean? Arazoa, aldiz, auzokoak dira. Betiko erdaldunak. Euskalduna naizela diodanean erresumindu egiten diren horiek, ezezagunen aurrean espainiartzat aurkezten nautenek nik euskalduna naizela esateko astirik eduki baino lehen ia.

Asko dira ditudan lagun espainiarrak, gutxiago frantsesak, baina guztiekin mintzo izan naiz Euskal Herriaz. Haiek banatzen duten horren elkartasunaz. ¿Y Navarra tambiĆ©n es vuestra o? Laztana, nola esan, gu gara Nafarroa. Mesedez irakurzazu liburu bat. Baina saiatu naiz azaltzen, saiatu behintzat. Zaila baitzait nire ideiak argi azaltzea, ideiak direnean gai jakinetan argi ez ditudanak, senti ditzakedan arren. Hare zailagoa historiaz hitz egitea, orainaz hitz egitea, gure errealitateaz hitz egitea, hain luzea eta korapilotsua. Baina guztietan zailena, ulertu nahi ez nauen horri zerbait azaltzen saiatzea. Ez baitute ulertzen askotan hizkuntza bezain gauza sinplea. Guk gurea izatea, eta gure eskola, ikastola eta unibertsitateetan euskaraz ikastea. Nola gailenduko da ba beste hizkuntza bat ‘haienak’ diren lur espainiarretan?

Barregura ematen dit askotan: gu nahi gaituzte baina gure izaterik gabe. Hau da, espainiarra naiz haientzat; baina gaztelania hutsean, ene hizkuntzarik gabe, geure sinbolorik gabe eta soilik Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa, eta banatuta noski. Baina ni ez naiz hori, gu ez gara hori. Besteetan, ordea, negargura. Sentitzen dudanean hein batean ez didatela naizen hori izaten uzten, diodanari edo egiten dudanari begi txarrez begiratzen diotenean. Naizena izatearen errudun banintz gisa, pentsatzen dudana pentsatzeagatik haien kontra egingo banu gisa, sentitzen dudana zentzugabea balitz gisa. Baina ez dute ulertzen nik ez dudala haien kontra egiten, baizik nirea defenditzen, kendu zidaten eta kendu nahi didaten horren alde baizik ez nagoela.

Beste batzuetan prentsa espainiarra irakurri eta nolabaiteko tristezia sortzen zait pentsatzean haiek horrela bizi dutela gure errealitatea horrela zaielako kontatu. Eta tristeziarekin batera inpotentzia puntu bat, ni ulertu ez arren konprenitu nazaten lortzen ez dudanean (horrek zentzurik badu…). Zeren nik, nola edo hala, haiek horrela pentsatzea konprenitu, konprenitzen dut. Ez baitute guk bizi duguna bizi, ez baitiete historia guri bezala kontatu. Nahiz eta askotan sentitzen dudan ez dutela sekula historian erreparatu. Zeren tira… haiena ez da txalotzekoa. Baina hor nonbait urte asko pasatu dira hartatik, non asko hitz oro subjektiboa den. Zeozer izkutatu nahi baldin bada jar itzazu siglak eta atxilotu pare bat.

Edo GOOOOLA. Iniestarena, mundialekoa. Izugarria izan behar zuen horrek. Baina hori ere, zaila zaie ulertzea. Zera: niri ez zaidala oiloipurdia jartzen Iniestaren gola ikustean. Une hartan partidua ere ikusten ez nengoela, ez zelako nire prioritatea. Horretan bai, inbidia sentitzen dut, izugarria gainera. Guk ere geurea animatu ahal genukeen! Nola azaldu niri malkoak jausten zaizkidala pasaden asteko korrika in-streaming jarraitzen dudanean; Amets Arzallusen bertso sorta bat entzuten dudanean jartzen zaidala oilo ipurdia. Ezin azal daiteke. Baina azaltzeko zenbat eta ahalmen gutxiago izan orduan eta gehiago bizitzen zait sentimendua.

Eta nahiz politika arlo sakona izan, nahiz gure gaia erreza ez izan, nahiz norbere baitan ere egoera, gertakizun, gai, eta alor askoren inguruko ideiak garatzen eta argitzen jarraitzen dugun zenbaitek, argi dut, oso argi: Ez, ni ez naizela Spanish. Euskalduna naiz eta behar beste aldiz errepikatuko dut, nahiz aurrekoa kontrakoa esaten ari. Zeren bai, paso egin nezake, total jende hau ez dut berriro ikusiko. Baina ez naiz ni, nire aberria da. Gu gara. Eta izan nahi dut. Era xelebre, edo tonto, batean azaltzearren: ez dut kanpotar batek zezenekin, gaztelaniarekin, sangriarekin, paellarekin, eguzkiarekin eta hondartzarekin erlaziona nazan nahi. Zeren ni ez naiz hori.

Bi(lu)zi

...hiltzen goaz.

Biluzik agertu ginen bizitzan. Ez, barkatu, bizirik. Beno, eta biluzik ere bai. Baina, lehenengo arnasarekin batera estali gintuzten; hoztu ez gintezen edo.

Ordutik, norbere intimitatean baino ez gara larrugorritu; hondartzako txikitako erakustaldiak kenduta, noski. Non dago, baina, eten-puntua? Noiz gainditzen dugu hondartzan ipurdia agerian arduragabe ibiltzeko adina? Non hasten da lotsa eta non galtzen da askatasuna? Ez baita zentzuzkoa gure gorputzaz lotsatzea.

Eta errespetua? Larruak azalari edo azalak larruari? Larruazala bai, baina titiak ez, eta, alua: aberrazioa. Errespetu falta zakilak galtzontziloei edo bainujantziek geure buruei? Ezkuta zaitez zatar hori!

N.e