2016ko abenduak 27
Zer?
Berriz ere kontu berdinarekin? Ez dakit zenbat aldiz errepikatu behar zaizkizun
gauzak. Beharbada ez naiz bakarra izango, agian guztiak zarete berdinak.
Gizakiak esan nahi dut; aldrebesak. Beti borobilak ez duen ertzaren bila, bira
eta bira. Gero, noski, zorabiatuta bukatzen duzue, eta orduan datoz negarrak.
Hau dela, bestea dela. Bukatu delako, edo ez delako hasi. Hasi delako, edo ez
delako bukatu. Etorri delako, edo ez delako joan. Joan delako, edo ez delako
etorri. Esan dizulako, edo ez delako isildu. Isildu delako, edo ez dizulako
esan. Galdu duzulako, edo ez duzulako aurkitu. Aurkitu duzulako, edo ez
duzulako galdu.
Hori da
azkenean lortzen duzuna: galtzea. Denbora, zentzua, dignitatea, irrifarra,
poza... Eta neu atzetik, zeure burua fikziozko depresioetatik eraberritzen
saiatzen. Fikziozko munduak eraikitzen baitituzu zure pentsamenduen sakonean
jausten zarenean. Orduan ez dakit entzuten ez didazun edo entzun nahi ez
didazun. Altuago hitz egin ahalko banu... Beno, finean berdin-berdin isilarazko
ninduzun zure irudikeriekin. Zoriontasunari beldurra diozula ematen du eta...
Ez dut ulertzen, gero beti baitzaude zoriontsu izan nahiean. Ardurarik ez duzunean, aldiz, zerorrek bilatzen
dituzu. Ardurak edo... Auskalo nola izenda litezke buruan bueltaka dituzun mila
eta bat txorakeriak.
Bai motel.
Txorakeriak. Zorakeriak. Zoroa ematen baituzu noizbehinka. Normal. Hainbeste
bira. Esan dizut zentzua ere galtzen duzula. Gaur ez dizula idatzi? Tira...
Lanpetuta ibiliko da. Edo zergaitik ez duzu onartzen? Beharbada gaur ez du hitz
egin nahi. Agian bihar bai. Zer? Zuk ez dituzu horrelakoak egiten ala? Une
bakoitzean bakoitzak nahi duena egiteko askatasuna aldarrikatzen zenuen ba
atzo, eta gaur idatzi ez dizula eta arduratuta. Argituko ete zara inoiz...? Gainera,
zer arraio? beste hainbeste lagun badituzu, nork eta berak hitz egitea nahi? Egiezu
kasu pixka bat besteei eta ikusiko duzu nola ahazten zaizun lelokeria hau. Eta
bestela, hartu telefonoa eta idatziozu zuk, hainbeste buruhauste... Jendeak
arazo larriak ditu eh. Zu, ostera, umekeriekin gora eta behera.
Aizu!
Ez, ez, ez! Baina ez zaitez orain negarrez hasi maitea. Lasai. Hartu arnasa.
Esan dizut ba ez dela hainbesterako. Indartsua zara eta... Ez dizut ba esan zure irudikeriak direla guztiak. Lasaitu eta
hausnartu. Zer dago txarrik guzti honetan? Ez bada eta ezer gertatu... Ez
itzazu gertakariak aurrez sufritu, litlekeena da ez gertatzea aurreikusi gisa. Badakit
bai ezinezkoa zaizula ezertan ez pentsatzea. Hutsa. Baina, ez dakit, pentsa
zenezake beste zerbait, baikorragoa. Ez dakit, beharbada hasi zintezke zure
burua maitatzen pixka bat. Bai esango didazu ez dituzula halakoak sinesten,
baina frogatu duzu zuk zeuk: zenbat eta baikorragoa orduan eta hobe doakizu. Ba
omen du zer ikusi pixka bat buruak...
Bai
badakit, hormonek ere bai. Ba, hilerokoa datorrela bai. Nik ere nabaritu dut,
nola ez... Ez nau altxatzen usten eta, hala zaude zu, negar batean ohean
botata. Baina aizu, aitzakiarik ez dugu behar eh. Gaitz larriagoak ere badaude.
Zu hori baino gogorragoa zara. Ez dizu ba horrek irabaziko. Atzo dena zen
zoragarria. Ez dut uste ezer aldatu denik zure ikuspegia baino. Gogoa berpiztu
behar duzu. Agian has zintezke ohetik altxatuz eta dutxa bat hartuz. Beti dago ondo
garbitzea. Zikinkeriak, zorakeriak... garbitzeko. Jantzi eroso, ondo
sentiarazten zaituen zerbait. Hori ez duzula gaur gogoko ba bestea, horrekin
gaur ez zaudela gustora ba bestea, eta orraztu. Begiratu zaitez ispiluan. Baina
lelokeria gabe eh. Esan nahi dut. Beti bezain lirain zaude gaur, beti bezain
polit. Egin irribarre txiki bat eta sikatu negar arrasto horiek. Etxean ez da
ezer berririk gertatuko. Kalean daude lagunak, barreak, bizipenak, aukerak.
Ez baduzu zuk zure burua maite, nork baina
maiteko zaitu? Nik maite zaitut. Beharbada ez da beti nabari. Zirikatzen
zaitudanean, esaterako. Baina zure onez da, indar gehiagoz erantzun zaidazun. Arrazoirik
ez dudala eta zu hobea zarela. Diodana ez
dela egia eta isiltzeko. Baietz benetan ziur zaudela zure buruaz. Eta hala da
bai, ziur zaude nahiz eta ziurtasunez ez dakizun. Horretarako nago ni,
gogorarazteko. Baina, hara, behin eta berriz kontu berdinarekin zatozenean
kosta egiten zait astuna zarela ez aitortzea. Nahiz eta gero nire indar guztiak
zure irribarrea lortzean jarriko ditudan. Eta eskerrak beti lortu izan dudan.
Hala izaten jarrai bedi.
Nik
maite zaitut. Zu maite zaitez.
Nire nia.
Kantuke