Mezuak

Data honetako argitalpenak ikusgai: 2018

Ez-informazioaren garaia


                                                                                                   Naroa Elortegi, 2018ko irailaren 22a


Irailaren 16an, Deiako Aisialdi sailean argitaraturiko Maradonaren elkarrizketa asmatuaren aurrean, jendeak sare sozialetan emandako erantzun suminduekin harrituta gelditu nintzen. Elkarrizketa ezin ironikoagoa eta errealitatetik urrunduagoa izanagatik ere, titularrean Maradonak esaten zuenari erantzuten zioten irakurle gehienek. Zuzenean berari zuzenduko bailitzaizkion Dudarik gabe bere ahotan jarritako hitz asmatuok guztiz egiazkotzat joz.

Informazioa nonahi aurki dezakegun garai honetan ezin irudika dezakegu zeinen desinformatuta gauden, edo hobekiago esateko, agian, zeinen gaizki informatuta gauden. Ezin irudika dezakegu, izan ere, uste baitugu oro informatuta gaudela. Soilik Interneterako sarbidea izanda, edo sare sozialetan murgilduta, egunerokotasunaren berri dugula pentsatzen baitugu.

Egunero (edo orduro) irakurtzen ditugu berriak han-hemenka, titularrak nonahi. Hainbeste informazio dugu eskura, non askotan zein irakurri ere ez dakigun, eta guztia irakurtzen dugu gainetik, finean bat ere ez irakurri gabe. Titularrekin gelditzen gara, azpitituluekin, beharbada artikuluaren barruan zetozen esaldi pare batekin, eta guztiz ahazten gara idazleaz, dataz, orduaz eta egiazkotasunaz…

Zeren pentsa, horren eskuragarritasun erraza badu irakurleak idatzi ere edonork idatz dezakeela, edozer eta edozelan. Baina guk, gure presaren eta egon/izan nahiaren mendeko, gure jakin-min hutsala asetzen dugu begi aurrean jartzen zaigun lehen albisteari (zein komeriari) men eginez. Berdin zaigu nondik eta noren eskutik datorren informazioa, berdin zaigu noiz idatzia izan zen. Guztia sinisten dugu gure gaurkotasun efimeroaren baitako bailitzan.

Aurki ditzakegu jendearen sare sozialetako argitalpenetan duela hiru urteko albisteak, atzokoak izango balira bezala argitaratuta (eta hori usteko du zabaltzen duenak). Ikusten ditugu jenderen erantzun suminduak asmaturiko albisteen aurrean, baina ez asmatuak direlako, baizik edukiaren inguruan protestan. Fikziozko eduki baten aurrean haserre!

Hitz egin genezake informazio iturri serio baten betebeharrez eta helburuez. Haien lana gertatutakoaren berri ematea den edota irakurlegoari jaten ematea (zer janak garrantzirik izan gabe). Zilegi den informazio iturri fidagarritzat dugun horrek eguneroko saila edozerekin betetzea, nahiz eta artikuluan bertan ohartarazi. Hitz egin genezake horretaz, baina guzti horren beste aldean funtsezkoa den norbanakoaren dohaina ahazten dugu: kritikotasuna.

Hamar titular irakurri, sinistu, kontatu eta ahaztu beharrean, agian hobeto da lau artikulu oso arretaz irakurtzea, baloratzea, aztertzea eta barneratzea. Beharbada denbora gehiegi da edo ez dugu gogorik izango, oro konprenigarria. Guztiz ulergarria den bezala guztiok ez dugula dena jakin behar. Aldi berean, ez dagikun horretaz ez dago zertan iritzia agertu, baizik behar bezala informatu gerora iritziak garatu ahal izateko.


PD. Data, ordua, idazlea… artikuluetan dator. Ez baduzu aurkitzen, duda egin.

Euskaraz munduratuko gara.


Piztu Bilbo itzali MTV! mugimendua hasi zenetik ezer egin ez dugun horiek kexu gara berri txarrak-en kontzertua dela eta. Erraldoiaren atzaparretan jausi direlako, haien burua jausten utzi dutelako agian. 

Poltsikoan iPhone Y daramagunok, atzo Indetex guztiak zer erosi bila miatu genituenok, taberna ilunen babespean reggeatoi sexistaren komertzioaren harira dantzatzen dugunok, astebururo kirolaren aitzakiaz patrika ahaltsuak betetzera San Mamesera goazenok, astelehenean guzti horiek erosteko erabiliko dugun soldata miserable baten truke arrain potoloei jaten ematera joango garenok, cd-ak zer diren ahaztu dugunok, musika musutruk disfrutatzen dugunok, kexu gara. Besteon kontraesanak kritikatzen ditugu, gure koherentziatik beharrean, gure izengabetasunak eskaintzen digun tarimatik.

Bihar kapitalismoaren burua eskatuko dugu, beteko ditugu kaleak pankartez, mugimendu alternatiboak bultzatuko ditugu, kontsumismoaren kontrako ideiak aldarrikatu, feminismoa defendatu eta gaztetxeetan BTX ozen abesten jarraituko dugu.

Ongi etorri gure zirkura. Kontraesanak ditugun bitartean esanak ere izango ditugu, eta defenda ditzagun.

Itxaropena ezik, guztia eraman zuen.



Zeri edo nori itxaroten zebilenik
ba omen zen kaian.
Infernuko enbatak utzitako 
haitz txikituen lokatzetan
trabaturik.
Gau eta egun, 
Behin portua zenaren zaborretan
esperantzaz josirik.
Begirada itsas zabalean galdurik
olatuek eramandakoa
noiz itzuliko zain.

                                            
                                           .Kontuke

Hosto umelduen kafe usaina




Espaloiari negarra dario
arrakaletatik,
jausi diren tanta mardulen
tristezia medio.

Isilik daude kaleak
euri jasaren zaratapean.
Gurpil soinuak
uretan,
trafiko argien distira
putzuetan.

Guardasolak 
zarratzen dituzte,
autobus geltokietako
aterpe azpietan,
urrun joan nahi luketen
bidaiariek.

Gabardina soinean,
hosto umelduen artean
balantzaka,
gorputz astunek
hartu dute
lanera bidea.




Ordu aldaketak
argitu ez duen
astelehen goiza
desafiatzen dute
oraindik lo dauden
gazteek.

Udazken lurrin
ezin gozoagoa du
auzoko tabernako kafeak.
Baina, arima ezkorrei
kosta egiten zaie
detaile txikiez
gozatzea.






 Negu usaina duten 
uda osteko egunen omenez.

.Kontuke

Amestu beharraz


Amestuko ez bagenu segur aski ez genuke lortuko. Halere, ametsaren egikaritze hortan zalantzek harrapatzen gaituzte. Nahi genukeenetik haratago dauden milaka aukerak irudikatzen ditugu, eta ziurtasuna galtzen dugu noizean behin. Zergati argirik gabe pentsamendu negatiboei gehiago erreparatzeko joera baitugu, atzeraelikatuz. Baina tira, amestuko ez bagenu...

Maitatzen bageneki.

Nahiagoko nuke inoiz eragin izan ez balit maitasun erromantikoaren zientzia fikzioak. Gai izango banintz sentitu beharrez sentitzen dudala esango nukeen ditzozozko norbait falta izate hori sentituko ez banu. Norbanakoa gai izango balitz beste izate horretan bilatzen duen hori bere buruari eskeintzen. Osoki aske izan daiten norbera.

Orduan ez gintuzkedan ikusiko inguruko bikoteen musuetan. Ez nuke zugan pentsatuko irratiak maitasun abestiekin bonbardatzen nauenero. Aurkitzeko beharrik sentituko ez banu, ez zintudan bilatuko. Batez ere ezagutzen ez dudan norbaiten bila ibilitze horrek berak suposatzen duen zentzugabetasuna kontuan izanez.

Igarokor.

Irriak,
negarrak,
algarak,
oihuak,
negarrak,
istiluak,
besarkadak,
muxuak
...
Guztiak iragankorrak.
Guk ere nahi genuke maiz arduragabe izan, umeak bezain.

.Kontuke

Iraganaz geroztik, geroa iragan arte.


Ez neukan promesa hutsik, 
ezta etorkizun hitzik.
Soilik unearen gozoa, 
eta iraun zezan desioa. 
Ez neukan laztan ezkuturik, 
ezta irentsitako muxurik.
Soilik orainaren ezbaia, 
eta mantentzeko nahia.

Baina gaur,
gaur atzokoak iragandu zaizkigu.
Eta oraindik,
oraindik oroitu zaitzaket geroan.

La gran vida (2000)



"Y se dio cuenta de que la vida no era eso, la vida es caer y levantarse y volverse a caer y volverse a levantar. La vida es alegrarte los viernes y joderte los lunes, abrazarte a quien te abrace y a quien no te abrace pues no te abrazas, y punto y no pasa nada."





La gran vida

Ostertza (II)



David Herranz
Izartu gara egunez, izartu gara gauez; 
argitan eta ilunetan. 

Oroitu gara iraganaz, oroitu gara geroaz; 
zenaz eta izango denaz. 

Hitz egin dugu zutaz, hitz egin dugu nitaz; 
garenaz eta izango garenaz. 

Sinetsi dugu egia, sinetsi dugu gezurra; 
dena eta ez dena. 

Izan gara zoriontsu, izan gara zorigaitzeko; 
irriz eta negarrez. 

Sentitu gara lurtar, sentitu gara zerutar; 
oinez eta hegan. 

Tartean beti ostertza, gizakiaren nora eza.

                                                     Kontuke

Deabrua - Izaro





Idaztea dela diote autoerreparatzea,
letra bakoitzean igurtziz bihotz barrualdea,
negarrik egin ezin duenaren korapiloa askatzea, 
laguntza eske, folio batean, itsuan amiltzea.

Sinistu nahi dut denok dugula errotuta kaosa,
hura maitatzen ikastea ote bizi honetan poza.

Fedea

Biharko zoriontasunaren morrontzak zapuzten ez ote digun gaur zoriontsu izateko aukera. Biharko egunetan gerta litekeenaren beldur, inoiz bizitzeko baliabiderik gabe geldituko ote garen beldurrez, bizi dugu oraina. Gerorako baliabideak gordez, gerorako sostengua emango digun horren bila. Beti geroan ondo bizi gaitezen, beti gaur falta zaidana etorkizunean izan dezadan. Beti gero zoriontsu izan gaitezen.

Eta zer ote gabiltza bitartean? Bizi baino irauten. Nork esan behar digu geroa beti izango dela gero? Denbora ez da inoiz kapaza izan argi usteko bera erlatibo bezain betierekoa dela. Baina ez norbanakoon denbora. Horregatik asmatu genuen hil ondorengo bizia...ederra. Zoriontasuna nonbait gauzatu behar zela sinistu nahiean bizi osoan zehar etorkizunerako uzten ibili ondoren. Fededun ez denak jarrai beza otoi egiten. Sinesgaitza izan arren gutxi batzuek baino ez baitute orainean sinisten.