Euskaraz munduratuko gara.
Piztu Bilbo itzali MTV! mugimendua hasi zenetik ezer egin ez dugun horiek kexu gara berri txarrak-en kontzertua dela eta. Erraldoiaren atzaparretan jausi direlako, haien burua jausten utzi dutelako agian.
Poltsikoan iPhone Y daramagunok, atzo Indetex guztiak zer erosi bila miatu genituenok, taberna ilunen babespean reggeatoi sexistaren komertzioaren harira dantzatzen dugunok, astebururo kirolaren aitzakiaz patrika ahaltsuak betetzera San Mamesera goazenok, astelehenean guzti horiek erosteko erabiliko dugun soldata miserable baten truke arrain potoloei jaten ematera joango garenok, cd-ak zer diren ahaztu dugunok, musika musutruk disfrutatzen dugunok, kexu gara. Besteon kontraesanak kritikatzen ditugu, gure koherentziatik beharrean, gure izengabetasunak eskaintzen digun tarimatik.
Bihar kapitalismoaren burua eskatuko dugu, beteko ditugu kaleak pankartez, mugimendu alternatiboak bultzatuko ditugu, kontsumismoaren kontrako ideiak aldarrikatu, feminismoa defendatu eta gaztetxeetan BTX ozen abesten jarraituko dugu.
Ongi etorri gure zirkura. Kontraesanak ditugun bitartean esanak ere izango ditugu, eta defenda ditzagun.