Mezuak

Data honetako argitalpenak ikusgai: maiatza, 2019

Espero zintudan


Eguzkiari printz gaziak darioz
ene aurpegi umelduan.
Arratsak eguna iraganarazi nahi duen artean
ortzemugatik keinuka dabilkit.
Penak lehortu nahi balizkit bezala 
biharra baino lehen.

Txio azkarrak,
zaunka urrunak,
giza pauso ziurrak,
nork berearekin darrai.

Atseden hartzeko gonbitea emanaz
ezkutuan gorde nahi ditu 
hain bere diren berotasuna eta argitasuna.
Zeru urdina da 
bere azken arrastoa.

Bederatzi kanpai hots.
Burumakur agurtu dut gaurko eguna,
zure hutsak eragindako minaz.

.Kontuke


PD. Egia, guztia ez dela poesia;
poesia guztia ez dela egia.

Setatsu: adj.


Emaidazu gomendio on bat.
Pentsatu gabe ere
ezetz erantzungo dizut.
Entzungor egin dudalakoan
errepikadazu.
Ezetz erantzungo dizut.
Arrazoizko argudioak
emazkidazu.
Ezetz erantzungo dizut.


Ezetz erantzungo dizut.

Ezetz erantzungo dizut.


Pentsatzen dudan artean ere,
ezetz erantzungo dizut.
Baietz denean ere,
irri eginez,
ezetz erantzungo dizut.

Mila aldiz ezetz esan
eta gomendio gehiago eskatuko dizkizut.

.Kontuke