Ilunetan argia


Neguan zeruaren iluntasunak denboraren etsai bihurtzen ditu gau luzeak. Ilargiak goizak kentzen dizkigu ilunabarrak emateko, eta bat batean izoztu egiten gara. Koloreen bizitasuna berriz sentituko ez dugulakoan uzkurtu egiten gara, eguzkia betirako joan bailitzan bezala.

Hodeiek mendi tontorretan putz egiten dutenean haize elurtua erraietararte sartzen zaigu, itzaltzen gaituelarik. Izarrak hozten direnean amatatzen diren bezala hozten gara gu ere; enarekin hegora ihes egiteko gogoari gogor eutsiz.

Badakigu, ordea, hegan egiterik ez daukagula, eta narras ez bukatzeko barnekoari estuki oratzen diogu. Bizi-gogoz eraikiriko harroinak mantentzen gaitu zutik, harik eta sugar ausart baten edo eguzki izpiren baten begiradak argitasunean bizitzera gonbidatzen gaituen arte.

Arnas batean itotzen diren gauak sortuko dituen sugarra, orduak egunerokotasunetik aterako dituena. Udako koloreak berreskuratu eta neguko itzalak margotzen lagunduko dizun irribarrea, izarrei distira bueltatzen dien horietakoa. Ilargi orduak gozatzera bultzatuko zaituen izpia, ametsen logura koloreztatuz maitatuko zaituena.
Kantuke

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Mila kilo zorion

Izenondoak

Udazkenaren negarrei irribarre bat