Uztaiak
Arrainen ezkatetako uztaiak neguak sortzen ditu. Arrainak gutxien jaten duten aldia da negua, eta gose garai horrek arrasto ilun bat marrazten du ezkatetan.
Uztai mikroskopikoa da arrainena, ez da itxura batean ikusten, baina hortxe dago. Zauri bat izango balitz bezala. Ondo itxi gabeko zauri bat.
Eta uztaiak arrainetan legez, gertaera latzak geratu egiten dira gure memorian, gure bizitza markatu egiten dute, gure denboraren neurri bihurtu arte. Egun zoriontsuak, aldiz, azkar doaz, azkarregi, eta berehalaxe ahazten zaizkigu.
Arrainetan negua dena, gizakietan galera da. Galerak zehazten du gure garaia.
Galera bakoitza, uztai ilun bat sakonean.
Kirmen Uribe
New York-Bilbao-New York
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina