Isil-isilik


Egun hura arrunta zen itxuraz, baina esnatu eta berehala igarri nuen ezohikoa izango zela.

Goiza lasai zihoan, betiko lez bere bidea eginez, eta egunerokotasunak bere horretan jarraitzen zuen. Hala ere, berezitasunen bat sumatzen zen giroan, edo behintzat sumatzen, nuen.

Leihotik begira pentsakor gelditu nintzen denbora luzez, baina nahiz eta saiatu ez nuen ezohiko ezer ikusten, ez entzuten, ezta usaintzen ere. Begiak paisaiara itsatsita minutu luzeak eman ondoren, etsi egin nuen. Baina etsipenak ez zuen askorik iraun.

Udan bete betean sartuak izanagatik, ez zen batere egun beroa, ezta eguzkitsua ere. Are gehiago, oraindik argitu ez balu bezala estaltzen gintuen iluntasunak, eta hotza ere harrigarria zen; urteko sasoia kontuan harturik, bederen. Behe laino itxia eskualde osoan zehar zabaltzen zen, inguruko muino eta mendi guztietako belardi ezin berdeagoak laztantzen zituelarik.

Kalera atera nintzen egun arrunt haren bereizgarria non aurkituko. Irten eta berehala atariko belar lokaztua zapalduaz eguraldi zakar hura ene barne-barnean sentitu nuen. 

Gutxira, euri tantak lurrunduz joan ziren, erabat atertu arte, eta eguzki izpi ahul bezain atseginak iritsi zitzaizkidan hodei hustuen artetik. Pixkanaka, goiz beltza argituz zihoan, udaberrian izan ohi diren egun hotz bezain koloretsu horietako baten antza hartu arte. Hotza dena den, ulergaitza zen.

Logelara bueltatu orduko, behe lainoa jadanik desagertua zen. Gelako leihotik begira jarri nintzen berriz, kristaleko lausotasun gogaikarria garbitu ondoren.

Erlojuak eguna aurrera zeraman ezohiko ezer jazo gabe eta arratsalde gorri ederra bukatzear zegoen. Bitartean, ene arnasaren berotasunak kristal gardena behin eta berriz lausotzen jarraitzen zuen.

Ezer bereziren berririk izan gabe ere, iluntze aldera bermatu nuen udako egun arrunt hark bazuela egunerokotasunetik at gelditzen zen zerbait: ISILTASUNA.

Ordurarte ez nintzen ohartu, baina ordu luze guzti horietan zehar ez nuen ezta hotsik ñimiñoena ere entzun; nik sortutakoez gain noski.

Isiltasun hura erraietararte sartu zitzaidan. Burutapen honek barrena aztoratu zidan eta mutu gelditu nintzen une amaigabe batez. Ezin nuen ezer entzun; ez erlojuaren mugimenduak sortzen duen etenik gabeko soinu aspergarria, ez etxeko iturrietatik erortzen diren ur tanta tipiek sortu ohi duten hots beldurgarria, ezta lurreko egurraren uzkurdurek sortzen dituzten bat-bateko soinu gorrak.

Egun berezi bezain arraroari taupada gutxi gelditzen zitzaizkiola, ideia honek zoratuta utzi ninduen. Nola ez nintzen ba gai izan munduaren doinu faltaz konturatzeko?

Banengoen ba ni. Geure barneko istiluek hausten dute isiltasunaren edertasuna, bizitzaren kantua zarata gorrotagarri bihurtuz. Burmuinaren borborrek hain egiten dute zaila isiltasuna bere osotasunean aditzea, ezen ez garela kanpokoaren gedar faltaz ere jabetzen.

Isiltasun hutsalak duen boterea, bake minutu batek sor dezakeen isilune labur bezain indartsua. Hori da benetan falta zaiguna; bake minutu hutsalak.

Iker Elortegi-Kantuke

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Mila kilo zorion

Izenondoak

Udazkenaren negarrei irribarre bat