Aulki Jokoa


Kantoietara sartu bezain pronto, karroa herriko plazan jarri eta zigarroa ateratzen zuen alkandora marratuaren patrikatik, eta gu kontatzen hasten ginen. Eulalik hamar arte, eta nik hamarretik gora, hogei arte. Hogei arte kontatzen bainekien nik , eta Eulalik, bi urte gazteagoa zenez, hamar arte baino ez. Baina ederki moldatzen gienen. Hogeira iristean bat hogei! esaten genuen, eta berriz hasten ginen. Berriz hogeira iristean bi hogei! esan, eta atzera buelta. Hogei hogei infinitua zen: gure numeroak hor bukatzen ziren. Hogei hogei zen Eulaliren aitak itsasotik itzultzeko behar zuen denbora; eta hogei hogei atun ekartzen zituen Santa Clara itsasontziak; eta hondartzak hogei hogei hondar-ale zituen. Don Justok errezatzera bidaltzen ninduenean ere hogei hogei arte zenbatzen nuen nik, aitagureak baino gehiago entretenitzen ninduen-eta. Zerbait gustatzen ez bazitzaidan, zenbatu egiten nuen infinitura arte, eta gauza txarrek, gehienez, hogei hogei irauten zuten. Onek ere bai. Baina onak ez genituen zenbatzen. Zertarako? Gu haurrak ginenean infinitua orain baino askoz gertuago zegoen.

Uxue Alberdi -Aulki jokoa-

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Mila kilo zorion

Izenondoak

Udazkenaren negarrei irribarre bat