EZ DA URA ITURRIRA ITZULTZEN…
Adio
nire baieztapen erabatekoei. Orain dena da galdera. Zenbat irauten du
maitasunak? Zerk ezartzen du amodioaren iraungitze-data? Edozein amodiok
amaigabetasuna du amets? Ikusten ditut nire inguruan bikote asko, hain bat
eginak, doministiku ere batera egiten baitute. Horregatik, ito ere batera
itotzen dira. Nire gurasoak, esaterako, etxeko pasilloan gurutzatzen dira bi
itsasontzi aspertuen antzeko, elkarri diosal egin gortesiaz, eta ezer gutxi
gehiago- aldi berean bukatu ote zitzaien erregaia? Ohitura bihurtu zaie
harremana, arau bakarreko jolasa: ”maite banauzu, zainduko nauzu”. Antzezlan
bati iraunarazten diote, jadanik sinesten ez dituzten pertsonaiei bizia emanez.
Eta nik zer, tinko eutsiko al diot neureari? Beti maitatuko al dut Berezi?
Orain baiezkoan nago. Auskalo. Maitasun-kontuetan, uneak agintzen du; une
bakoitza unea.
Zer da, ba, maitasuna ?
Miren Agur Meabe