Labarretan
Labarrean, 2019ko martxoaren 6a
Konplizitateak eraman gaitu,
desioak erantzitako
soinekoak logelako lurrean,
eternal nahi
genituzkeen besarkadetan urtzera.
Ilargi betearen
printzak sartzen dira leihoko zirrikituetatik
gozamenak
marraztutako irribarre lasaiak argituz.
Muxu leunez
eskaintzen diogu elkarri
une honek merezi duen
esker on guztia.
Gorputz biluzien
lotsagabetasuna laztantzen dizudan artean,
zure besoetan
denboraren joana desafiatzea dut maite,
egunak
orduak agortzen
dituen gauetan.
Noizbehinka,
sekretu txikiak
partekatzen ditugu
hurbiltasunaren
babesak ematen duen segurtasunetik.
Gutxinaka
nork bere barruak
erakutsiz bezala,
bestea norberarengan
larrugorritu dadin.
Gehienetan,
aldiz,
elkarrizketa hutsal
bihurtzen ditugu trukatutako hitzok
sentimenduen
amildegiak zeharka ukituz.
Harrigarriro,
begiradak sabaian
galduta,
maite zaitudanentz
galdetu didazu gaur.
Amildu naiz.
Uzkurtu zait
eztarria,
arindu bihotza,
izoztu burua,
urratu ahotsa
eta… nahigabean,
nire beldurren
sakontasunean giltzapetu ditut
zuretzat gordeak
nituen
hitz gozo guztiak.
.Kontuke
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina