Hegan

Hegan, 2020ko otsailaren 23an
Urte bat da Labarretan ginela.

Konplizitateak eraman gaitu,
desioak erantzitako soinekoak logelako lurrean,
eternal nahi genituzkeen besarkadetan urtzera.

Eguzkiaren lehen printzak sartzen dira leihoko zirrikituetatik 
gozamenak marraztutako irribarre lasaiak argituz.

Muxu leunez eskaintzen diogu elkarri 
une honek merezi duen esker on guztia.

Gorputz biluzien lotsagabetasuna laztantzen dizudan artean, 
zure besoetan denboraren joana desafiatzea dut maite, 
gauak
orduak agortzen dituen egunetan.

Aldiro,
gure sekretuak partekatzen ditugu,
hurbiltasunaren babesak ematen duen segurtasunetik.

Maitasun hitzak trukatzen ditugu,
elkarrekin igarotako une bakoitzean
gehiago larrugorrituz.

Elkarri maite ginela aitortu genionean,
amildegiak atzean utzi eta
 sentimentu osoz aireratu ginen.

Gaur ere,
begiak begietan,
irri egin eta
zeinen pozik zauden aitortu didazu. 

Aireratu naiz.

Hedatu zait irria,
poztu bihotza,
lasaitu burua, 
gozotu ahotsa
eta… gaurkoan bai,
nire barren-barrenetik atera ditut
zuretzat gordeak nituen
hitz gozo guztiak.

. Kontuke

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Mila kilo zorion

Izenondoak

Udazkenaren negarrei irribarre bat