Mezuak

Data honetako argitalpenak ikusgai: otsaila, 2020

Hegan

Hegan, 2020ko otsailaren 23an
Urte bat da Labarretan ginela.

Konplizitateak eraman gaitu,
desioak erantzitako soinekoak logelako lurrean,
eternal nahi genituzkeen besarkadetan urtzera.

Eguzkiaren lehen printzak sartzen dira leihoko zirrikituetatik 
gozamenak marraztutako irribarre lasaiak argituz.

Muxu leunez eskaintzen diogu elkarri 
une honek merezi duen esker on guztia.

Gorputz biluzien lotsagabetasuna laztantzen dizudan artean, 
zure besoetan denboraren joana desafiatzea dut maite, 
gauak
orduak agortzen dituen egunetan.

Aldiro,
gure sekretuak partekatzen ditugu,
hurbiltasunaren babesak ematen duen segurtasunetik.

Maitasun hitzak trukatzen ditugu,
elkarrekin igarotako une bakoitzean
gehiago larrugorrituz.

Elkarri maite ginela aitortu genionean,
amildegiak atzean utzi eta
 sentimentu osoz aireratu ginen.

Gaur ere,
begiak begietan,
irri egin eta
zeinen pozik zauden aitortu didazu. 

Aireratu naiz.

Hedatu zait irria,
poztu bihotza,
lasaitu burua, 
gozotu ahotsa
eta… gaurkoan bai,
nire barren-barrenetik atera ditut
zuretzat gordeak nituen
hitz gozo guztiak.

. Kontuke

Labarretan

Labarrean, 2019ko martxoaren 6a


Konplizitateak eraman gaitu,
desioak erantzitako soinekoak logelako lurrean,
eternal nahi genituzkeen besarkadetan urtzera.

Ilargi betearen printzak sartzen dira leihoko zirrikituetatik 
gozamenak marraztutako irribarre lasaiak argituz.

Muxu leunez eskaintzen diogu elkarri 
une honek merezi duen esker on guztia.

Gorputz biluzien lotsagabetasuna laztantzen dizudan artean, 
zure besoetan denboraren joana desafiatzea dut maite, 
egunak 
orduak agortzen dituen gauetan.

Noizbehinka,
sekretu txikiak partekatzen ditugu
hurbiltasunaren babesak ematen duen segurtasunetik.

Gutxinaka
nork bere barruak erakutsiz bezala,
bestea norberarengan larrugorritu dadin.

Gehienetan, aldiz, 
elkarrizketa hutsal bihurtzen ditugu trukatutako hitzok
sentimenduen amildegiak zeharka ukituz.
Harrigarriro, 
begiradak sabaian galduta,
maite zaitudanentz galdetu didazu gaur.

Amildu naiz.

Uzkurtu zait eztarria,
arindu bihotza,
izoztu burua, 
urratu ahotsa
eta… nahigabean,
nire beldurren sakontasunean giltzapetu ditut
zuretzat gordeak nituen
hitz gozo guztiak.


.Kontuke

Zenbat?

Zenbat maitatu behar izan zaitudan,
maite zaitudala sentitzeko.
Zenbat maitatu behar izan zaitudan, 
maite zaitudala onartzeko.

Zenbat maitatu behar izan nauzun, 
maite nauzula sentitzeko.
Zenbat maitatu behar izan nauzun,
maite nauzula sinesteko.

Zenbat maitatu behar izan garen,
maite garela aitortzeko.

- Zenbat?
- Edo zeinen ondo.

.Kontuke