Famili bat!



Txikitan gurasoen eskutik goaz eskolara. Haiek eskolaratzen gaituzte, han edo hemen, eta zu, erabaki bat zer den ere jakin gabe, bertaratzen zara. Ezezagunen artean tokia hartzen zoaz, gaur betikotzat dituzun lagun haiek eginez. Hala hazten gara; eskolara hasiz eta heziz. Hazte-hezte horretan zehar hezkuntzak markatzen digu bidea, haurtzarotik nerabezarora. Haur hezkuntza, lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza… eta gure txikitako lagunak. Harik eta, bat-batean, erabaki bat zer den ez zekien haur horri, bere etorkizuna bideratzea dagokion arte. Dona dona…

…tuntuna. Zalantzati ni. Etorkizuna ene eskuetan sentitzen zuen kontzientzia inuzentea. Eibarrera bidean. ‘Gazte nora hoa?’ ‘Ikastera?, zihoen arrazoiak. ‘Apustu egitera’ barrenetik bigarren ahots batek. Erabakiak hartzean asmatu izanaren alde egiten baita apustu.

Aro berri bat hasi genuen orduan, gogotsu eta lotsati. 2012-2016. Gaur, irailak 25 dituen honetan, eten egiten zait hitz jarioa. Hainbeste dira bizitakoak, uneak, momentuak, urteak, hitz bihurtzeko irrikan pilatzen zaizkidanak, ezen ezin konta ditzakedala guztiak, gogoratu baino. Negar artean pasatzen ditut irudiak. Lehen egunekoak, bigarrenekoak, bidaietakoak, parrandetakoak, ostekoak, egunerokoak, lekuz kanpokoak, ezabatu behar zirenak, laukian sartzekoak, joandakoak, etorritakoak, abestiak, idatziak… negarrak, barreak, algarak.

Hitz jarioa eteten zait ezin dizuedalako eskertu eman didazuen guztia. Lau urte hauetan izan dudan bizia. Zuei dizuedalako zor nire liburuko kapitulurik zoragarriena, eta zuei baino ezin dizuet esan faltan zenbat botako zaituztedan. Zuei baino ezin dizuet aitortu hau itzela izan dela. Gainontzekoek ez bainaute ulertzen, ez bainaute ulertuko. Edonork ez duelako zuekin guztiekin elkarrekin topo egiteko aukera, elkarrekin izartu eta oheratzekoa, eta hori ezin azal daiteke. 

Saiakera horretan batek dio ‘Los vacíos creados por buenos momentos solo pueden llenarse descubriendo algo mejor. Y solo os puedo decir que este vacío que se me queda no voy a poder llenarlo, porque no hay nada mejor que vosotros.’, eta hala da bai. Baina zuek ni bete nauzue eta horrek izanean dirau. Beste batek aitortzen du pozik dagoela izan duen zorteaz, gu ezagutzeaz, zuek ezagutzeaz. Ordea, triste sentitzen dela gure neurriko inor aurkituko ez duela pentsatzen duenean. Hori irakurtzean norberak sentitzen duena deskriba ezina da. Deskriba ezina delako norbera, deskriba ezinak zuek. Unibertsitatean 40 lagun egin ditudalako gainontzekoek 4 egiten dituzten bitartean. Guztiok garenaren ateak zabaltzeko aukera izan dugulako. Zabalik gelditzen da orain ixten den aro hau, nahi duzuenean berriz elkartzeko.

Egin nuen apustu hura duda izpirik gabe irabazi dut, soilik, zuek ere aldeko apustua egin zenutelako. …tuntuna pentsatzea etorkizuna zela eskuetan nuena, izatez, eskuetan neukana, oraina zenean. Benetan aprobetxatu dudana, inoiz ahaztuko ez dudan iragan hau sortzeko. Geroa beti baita etorkizun, baina gaur zure ekintzetan dago giltza lagun.

Bihotzez plazer bat izan da familia. Nahi duzuen arte.

“Gerora ere batera dantzatzeko, lehen egunean esan genion elkarri: Urte askotarako!”

Kantuke 

 

Blog honetako argitalpen ezagunak

Mila kilo zorion

Izenondoak

Udazkenaren negarrei irribarre bat