Irudimenean errealitatea
Izutu egin nintzen egun hartan. Ez nekien ziur zerk izutzen ninduen, baina zerbait lekuz kanpo zegoela zirudien. Ezerk gutxik larritzen ninduela jakitean konturatu nintzen horretaz.
Zerbaiten berri ematen zidatenean txundituaren plantak egiten nituen, nire erreakzio faltaz konturatuko ez zirelakoan. Ez nekien kontatzen zidatena behin baino gehiagotan gertatu izan bazen edo gaua sartzean irudiz beteriko ene ametsetan ikusi nuen. Irudimena eta errealitatea nahasten nituen, nahi gabe.
Ez nekien zer zen baina arraroa zela argi dago. Hasiera batean alkohola hartu nuen erruduntzat, beranduago arreta falta eta interes eza, baina azkenean, hori baino gehiago zela ere iruditu zitzaidan. Zer ordea?
Iñurri bat baino txikiagoak gara gu mundu deitzen diogun honetan. Nola izango nintzen ba gai zer hori aurkitzeko askotan nor nintzen ere ez banekien? Bai, lotura bat izan zezakeela otu zitzaidan: arreta falta memoria faltarekin, iragana etorkizunarekin, irudimena errealitatearekin... Mila lotura hauen atzean zer zegoen aurkitzea, ordea, ez zen bilatzearen kontua.
Denborak arrazoi gordeak erakutsiko zizkidala erabaki nuen. Baina denbora bukaezina da eta arrazoiek bizitza osoa ezkutuan iragan dezakete. Azkenean, gizakiak urte pare bat baino ez dirau bizirik.
Kantuke
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina