Kaligrafia
Ez nekien zergatik, baina idazten hasi behar nintzen, ahalik eta azkarren, hitzak ahaztu baino lehen. Idazten edo zirriborroak egiten, nork daki. Paperean umeek egiten dituzten marrazki traketsak irudikatzen.
Bai, egin barre. Umeen modukoak. Umeek ez al dute ba ondo marrazten?
Buelta erdi ematen duzunerako ume batek bere burutik pasa den guztia marraztu du. Agian bere bizitza osoa kontatu dizu: bere arazoak, bere beldurrak, lotsak, nahiak, ametsak.. eta zu ez zara ezta konturatu; helduegia zara horretarako. Helduek gure hizkuntza baino ez dugu ulertzen. Hain gara konplexuak, ezen ume batek egin lezakeen marrazkirik sinpleena ere ez baikenuke ulertuko. Hori inteligentzia gurea!
Ilargira hel gaitezke ingeniariek marrazki konplexuen bidez diseinatzen duten espaziontzian, eta heldu orduko ere ez ginateke konturatuko umea aspaldi iritsi zela ilargira. Amestea besterik ez du behar, begiak itxi beharrik ere ez du. Ondoko larrean botata dagoen zuhaitz makila eta bizikletako kaskoa hartu eta segundo gutxitan heltzen da satelite horretara eta helduok zapaldu ez ditugun beste hainbat tokitara. Gu, ordea, gure azkartasuna dela eta, oraindik zelan, zertarako eta zergatik guztien erantzunak bilatzen gaude.
Pena bat da umeak horren arin haztea. Haien izena idazten ikasten dutenean, eta marraztetik margotzera pasatzen direnean, orduantxe sartzen dira errealitatearen helduaroan. Kolore beltza Olentzeroren txapeletik atera ezin denean, eta marra urdin txikiena ere ezin denean fraken tolesturetatik kanpo egon. Ez al ditu Olentzeroren frakak firuak solte?
Eskerrak ume horrek bere izena baino ez dakiela idazten, bere abizena idazten irakasten diotenean ez baita Olentzeroren irudirik margotzen egongo.
Kantuke
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina