Afrikako Sugea
Utzidazu orain, esnatzerakoan, maite, istorio bat kontatzen. Jolm Henry Patterson ehiztaria Tsavo-ko oihanean zihoala izutu egin zen bat-batean, belarretan, epelean zegoen sugetzar bat ikustean. Laster izuak lilurari utzi zion lekua: sugearen larrua urre zaharraren kolorekoa zen, berde koloreko arrasto distiratsuz zeharkatuta, eguzkipean dirdai eginez. Larru hura etxeratzeko apeta sartu zitzaion.
Tiro egin zion burura, eta asmatu. Larrutu zuen gero labanaz, eta lehortzen utzi orduko samindurik ikusi zuen larrua kolorea galtzen ari zela. Aurki urrea zuria zen, berde distiranta beltz zuhail eta triste bilakatua. Bertan bota zuen bere desioaren hondakina. Maitasuna ere azal desiragarria duen izaki misteriotsua da, liluratu eta izutu, biak egiten gaituena.
Ausartzen bagara, plazera eman eta hartzearen jokoan aurkituko gara: ahoa zabalduz musuari, eskuaren laztanez gorputza iratzarririk, gerriaren besarkadan geureganatzen dugu maitemin hautsez edertutako larrua.
Askotan, ordea, ehiztari bilakatzen gara, eta posesibitatearen bidez pertsona horren berezitasunak haustu egiten ditugu, bere aberastasuna ezabatu monotoniaren kanoiarekin, bere azala geureganatzeko gorde nahian, ezin konturatuz bizitzarik gabe azal horrek ez duela ezer balio, desioaren hondakin hits bihurtua.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina