Ez eman hautatzeko
Ez eman hautatzeko
Itsasoa eta Lehorraren artean.
Gustura bizi naiz itsaslabarrean,
Haizeak mugitzen duen zinta beltz honetan,
Gizandi erratu bati eroritako ile luze honetan.
Itsasoarena maite batez ere bihotza.
Inozoa, haur handi batena bezain.
Orain temoso, orain ezinezko paisaiak
marrazten.
Lehorrarena berriz
esku handi horiek ditut gogokoen.
Ez eman hautatzeko
Itsasoa eta Lehorraren artean.
Badakit hari fin bat dela nire bizilekua,
baina Itsasoarekin bakarrik galduko nintzateke,
Lehorrarekin ito.
Ez eman hautatzeko. Hemen geratuko naiz.
Olatu berde eta mendi urdinen artean.
Kirmen Uribe
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina