Itsasoa masailetan
Sentsazio ezohiko bat jabetu da zutaz, duzun bihotz sentibera itolarrian jarriz. Baina zeure iturburu ilunek ez dute ur jauzirik nahi. Azala malkoen gazitasunak eragiten dituen erreduretatik babestu nahiz, ixten dituzu gogor begiak. Ez dituzu masailak guztien aurrean itsaso bihurtu nahi, eta tantaz tanta negarra xurgatzen saiatzen zara.
Gainontzekoen begiradetatik ihes egin nahian, ur guztia irenstera behartuta sentitzen zara. Ezkutatu beharrak begiak behin eta berriz gogor itxi eta arnasa sakon hartzera bultzatzen zaitu, sabeleko korapiloa estutuz. Eztanda egunerarte etengabe konprimituz.
Barrenak negarrik ezean besarkada bat eskatzen dizu. Sabelean urak eman dituen birek sortutako korapiloa askatzeko besarkada soil bat besterik ez. Laztan baten berotan lurrunduko dira irentsitako malko guztiak.

Tamalez, itsaso zabalean uharte bat eraikitzeko gai den sorbalda hori urrun dago orain. Zure ondoan imajinatzen duzu, zuretzat nahi zenuke; itolarrian duzun zati horri esku bat luzatuz, edo biak. Baina urruti dago.
Eta korapiloak eztanda egiten du.
Burua izara artean murgildu eta eztandaren oihartzuna burkoaren azpian isilarazi nahi izan duzu.
Gaurkoz ilundu du. Biharko eguzkiak berotuko ditu itsasoko urak.
Kantuke
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina